"Udalak eta biok, euskaraz" dinamikaren baitan, Uemaren aldeko sentsibilizazio kanpaina hasi du EHEk Gernika-Lumon. Horren karitara Busturialdeko Hitza-k Pernan Basterretxea EHE-ko kidea elkarrizketatu du.
Zerta datza esku artean duzuen kanpaina?
Sentsibilizazio kanpaina bat da, herritarrei ezagutzera emateko Uema zer den eta Uema barruan zenbat herri dauden. Horrez gain, Uemaren baitan izateak euskalduntze prozesuan zer suposatzen duen eta Gernika-Lumori zer suposatuko liokeen ere azaldu gura dugu. Horretan datza orain eskua artean dugun dinamikak. Azken finean, gure helburua da Gernika-Lumo ere Uema barruan sartzea.
Baldintzarik ba al dago horretarako?
Uema barruan sartzeko baldintzetako bat da biztanle denetatik kopuru zehatz bat (%70 gutxienez) euskaldunak izatea, eta Gernika-Lumok betetzen du baldintza hori. Uemarekin eta Uemako teknikariekin kontrastatu dugun datua da. Beraz, gure herria ere Uema barruan izateko baldintzak ditu, eta hori zabaldu gura dugu.
Horretarako, zein pauso eman dituzue?
Kanpaina herrira zabaltzeko erakusketa bat antolatu genuen orain hilabte batzuk, Astran. Orain, Uemaren irudia eta azalpen labur bat duten kartelak ari gara zabaltzen, herritarrengana apurka-apurka heltzeko. Sentsibilizazioa da orain landu gura duguna.
Eta aurrera begira, ezer zehatzagorik pentsatuta al duzue?
Bai, herritarrak eurak inplikatzea, eta herritarrak eurak izan daitezela Udalari herria Ueman sartzeko eskaera egingo diotenak. Hori da gure helburua. Beraz, EHErengandik beharrean, eskaera hori herritik eta herritarren aldetik sortzea duzue helburu. Bai, hori da. Euskaltzaleak diren herritar euskaldunak izan daitezela udalera jo eta Ueman sartzeko eskaera egingo diotenak.
Eta nola egingo duzue herritarreak eurak eskatzaile izateko?
Buzoiak jarriko ditugu leku konkretuetan, eta buzoi horien berri ere emango dugu. Gainera, kalean egoteko asmoa dugu, sinadurak batzeko. Gainera, Interneten ere eskegiko dugu sinatzeko orria, gero, norberak buzoian sar dezan. Erraztasunak eman nahi dizkiegu herritarrei.
Zer eskainiko lieke Uemak berak Gernika-Lumori eta gernikarrei?
Uema, azken finean, Euskal Herri euskaldun baten aldeko arnasguneen bilgune bat da. Hau da, euskaraz bizi diren guneen bilgunea. Gaur egun 69 herri daude Ueman, Hego Euskal Herrian. Busturialdeko lau herri daude gaur egun Udalerri euskaldunen mankomunitatean: Muxika, Busturia, Bermeo eta Ajangiz. Bizkaian, guztira, 18. herri horietan, euskarak gaztelniak zuen terrenoa berreskuratu du.
Herritarri dagokienez, laguntza eskaintzen die benetan euskararen aldeko sentsibilizazio kanpainak egiteko. Herrietako euskalgintzarekin, alfabetatzean eta euskalduntzean lan egiten duten AEKrekin edota udal euskaltegiekin ere lan egiten du, euskalduntze kanpainetan laguntzeko. Oro har, herrian euskaraz bizitzeko eta lan egiteko laguntasuna ematen du, bai arlo publikoan zein pribatuan.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean